2.10.1. Zerbitzuak
Katalogoko zerbitzuak (AMALeko 15. artikulua) Gizarte Zerbitzuen Sarearen eskaintza publikoaren bidez ematen dira, zentro edo zerbitzu publikoetan edo behar duten ziurtagiria daukaten itundutako pribatuetan.
Zerbitzuak eskuratzeko lehentasuna mendetasun gradu eta mailaren araberakoa da eta, gradu eta maila bera izanez gero, eskatzailearen gaitasun ekonomikoaren arabera.
AMASen Zerbitzu Sarea erabat ezarrita egon arte, aipatu lehentasun araubidea aplikatuta zerbitzuak eskuratzerik ez duten mendetasuneko egoeran dauden pertsonek eskubidea izango dute zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa jasotzera (14.6 artikulua); haren xedea BAPen aurreikusitako zerbitzua merkatuan lortzeak eragindako gastuak ordaintzen laguntzea da, eta, edonola ere, hura mendetasunari arreta emateko ziurtagiria duen erakunde edo zentro batek eman beharko du.
Adierazi denez, onuradunek zerbitzuen finantzazioan parte hartuko dute, zerbitzu motaren eta haren kostuaren eta pertsonaren gaitasun ekonomikoaren arabera (AMALeko 33.1 artikulua). Beraz, onuradunak ordaindu behar duen zenbatekoa kalkulatzeko lehenago haren egoera ekonomikoa baloratu behar da. EAEn, momentuz, aldundi bakoitzak prezio publikoei buruzko bere araudia dauka eta, beraz, prezio horiek kalkulatzeko bere modua.
AMALeko zerbitzuen babes intentsitatea eta prestazio ekonomikoen zenbatekoa erabakitzeko irizpideei buruzko otsailaren 11ko 175/2011 Errege Dekretuak[37] aldatutako ekainaren 8ko 727/2007 Errege Dekretuak, mendetasuneko II eta III. graduei dagozkien zerbitzuak eta prestazioak, haien xedea eta oinarrizko ezaugarriak, eta haien intentsitatea erabakitzeko irizpideak xedatzen ditu. Dioenaren arabera, autonomia erkidegoek arautuko dute katalogoko zerbitzuen arteko bateraezintasunen araubidea. Hala ere, xedatzen duenez, egoitza arretako zerbitzu iraunkorra bateraezina izango da telelaguntza zerbitzuarekin, etxez etxeko laguntza zerbitzuarekin eta gaueko egoitza zerbitzuarekin.
Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko azaroaren 4ko Ebazpenak, bestalde, I. graduko mendetasuneko egoeran onartutako pertsonentzako zerbitzuen babes intentsitateak eta prestazio ekonomikoen zenbatekoa erabakitzeko irizpideei buruzko erabakia argitaratu zuen. Honako taulan mendetasun gradu eta maila bakoitzari dagozkion zerbitzu eta prestazioei buruzko informazioa jaso dugu.
|
ZERBITZUAK ETA PRESTAZIOAK GRADUEN ARABERA |
|||||
|
IIIG Mendetasun handia |
IIG Mendetasun latza |
IG Mendetasun arina |
|||
|
2. maila |
1. maila |
2. maila |
1. maila |
2. maila |
1. maila |
Norberaren autonomiaren sustatu eta prebenitzeko zerbitzua |
• |
• |
• |
• |
• |
• |
Telelaguntza zerbitzua |
• |
• |
• |
• |
• |
• |
Etxez etxeko laguntza |
• |
• |
• |
• |
• |
• |
Eguneko egoitza / gaueko egoitza zerbitzua |
• |
• |
• |
• |
• |
• |
Egoitzako arreta zerbitzua |
• |
• |
• |
• |
|
|
(FIZPE) Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa |
• |
• |
• |
• |
• |
• |
(ZLPE) Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa |
• |
• |
• |
• |
• |
• |
(LPPE) Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa |
• |
• |
|
|
|
|
Ez da azterlan honen helburua zerbitzu horiek aztertzea, inondik inora, are gehiago Eusko Jaurlaritzak, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legea garatuz, Prestazio eta Zerbitzuen Zorroa arautzeko Dekretua[38] argitaratuko duenean laster, horrek azterketa horren gaurkotasuna mugatuko bailuke.
Hala ere, labur bada ere, AMALek jasotzen dituen zerbitzuak eta gure lurralde historikoen berezitasun batzuk azalduko ditugu, erakunde honek honako txosten bereziak argitaratzerakoan egin zuen azterketa ahaztu gabe: Pertsona nagusiei emandako arreta EAEn: etxeko laguntza, eguneko zentroak eta egoitza-zentroak 2004an, Pertsona ezgaituen lanerako aukerak EAEn 2003an, Buruko gaitzaren trataera ospitaletik kanpo 2000an eta Arreta soziosanitarioa 2008an eta berriki argitaratu den Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoera.
a) Mendetasuneko egoeran prebenitzeko eta norberaren autonomia sustatzeko zerbitzuak
Mendetasuneko egoerak prebenitzeko zerbitzuen xedea gaixotasunak edo minusbaliotasunak eta haien ondorioak agertzea edo larritzea prebenitzea da, gizarte eta osasun zerbitzuen artean koordinatuta, bizi baldintza osasungarriak sustatzeko jarduketak eta adinekoentzako eta minusbaliotasuna duten pertsonentzako eta ospitaleratze prozesu konplexuek eragindakoentzako berariazko prebentzio eta errehabilitazio programak garatuz.
Arreta hori telelaguntza, etxeko laguntza, eguneko zentro eta egoitzako arretako programetan sartuko da.
Zerbitzu horien intentsitatea Mendetasuneko egoerak agertzea eta larritzea prebenitzeko planetan zehaztuko da. Plan horiek autonomia erkidego bakoitzeko erakunde eskudunek egin beharko dituzte euren lurralde esparrurako.
Norberaren autonomia sustatzeko zerbitzuen helburua norberaren arauen eta nahien arabera bizitzeko moduari buruzko erabakiak kontrolatu, aurre egin eta hartzeko gaitasuna garatzea eta mantentzea, eta eguneroko bizimoduko oinarrizko jarduerak egiten laguntzea da. Laguntza teknologiei eta xede horretan laguntzen duten egokitzapenei buruzko aholkularitza, orientabide, laguntza eta prestakuntza zerbitzuak, gaikuntza zerbitzuak, okupazio-terapia, etab. dira. 727/2007 Errege Dekretuaren arabera, zerbitzu horren intentsitatea autonomia sustatzeko norberaren premietara, dauden baliabideen azpiegiturara eta autonomia erkidego bakoitzeko administrazio eskudunak ezarritako arauetara egokituko da.
I. graduko mendetasuneko egoeran onartutako pertsonentzako zerbitzuen babes intentsitateak eta prestazio ekonomikoen zenbatekoa erabakitzeko irizpideei buruzko erabakia argitaratu duen Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko azaroaren 4ko Ebazpenak apur bat gehiago zehaztu ditu zerbitzu horien izaera. Horrela, xedatu duenez, "norberaren autonomia sustatzeko zerbitzuen edukia Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen Batzorde Delegatuak garatuko du, eta honakoak dira:
– Gaikuntza eta okupazio-terapiakoak.
– Arreta goiztiarra.
– Estimulazio kognitiboa.
– Autonomia funtzionala sustatu, mantendu eta berreskuratzea.
– Gaitz mentala edo adimen urritasuna duten pertsonentzako gaikuntza psikosoziala.
– Laguntza pertsonalak eta zaintzak ostatu berezietan (tutoretzapeko bizilekuak)".
Sustapen zerbitzuaren intentsitatea honako babes tartearen araberakoa izango da, arreta goiztiarrerako eta autonomia funtzionala sustatu, mantendu eta berreskuratzeko zerbitzuetan aurreikusitakoa kaltetu gabe: hileko 20 eta 30 ordu bitartean I. gradu eta 2. mailarako eta hileko 12 eta 19 ordu bitartean I. gradu eta 1. mailarako.
Arreta goiztiarrerako, gutxienez hileko 6 orduko intentsitatea ezarri da, eta autonomia funtzionala sustatu, mantendu eta berreskuratzeko, gutxienez hileko 15 ordu.
Intentsitatea Banakako Arreta Programan ezarriko da, irizpen teknikoak ezartzen dituen hileko orduen arabera, mendetasuneko egoeran dagoen pertsonak laguntzak edo zaintzak behar dituen eguneroko bizitzako jardueren arabera. Hori dena, Autonomia Erkidego bakoitzak ezarrita dauzkan norberaren autonomia sustatzeko zerbitzu eta programen intentsitate handiagoak kaltetu gabe.
Ebazpenak aukera jasotzen du autonomia erkidegoek Banakako Arreta Programan jasotako prestazioak osatzeko ekintzak eta programak garatu ahal izateko, hala nola aholkularitza eta laguntasun aktiboa, eta laguntzako teknologiei eta eguneroko bizitzako jarduerak egiten laguntzeko egokitzapenei buruzko orientabide, laguntza eta prestakuntza.
b) Telelaguntza zerbitzua
Telelaguntza zerbitzuak onuradunei komunikazio eta informazio teknologiak erabiliz ematen die laguntza, kasu bakoitzarentzako irisgarritasun neurriak betez, baita behar diren baliabide pertsonalen laguntza ere, larrialdi, segurtasun-gabezia, bakardade edota isolamendu egoeren aurrean berehalako erantzuna emanez. Etxeko laguntzarekin loturarik ez duen zerbitzua edo haren osagarria izan daiteke. Egoitza arretarik jasotzen ez dutenei emango zaie BAPek horrela ezarriz gero.
Zerbitzu tekniko horrek aukera ematen die erabiltzaileei, telefonoz eta berehala, gizarte eta laguntza sarearen komunitate baliabideetara eta larrialdiak koordinatzeko zentroetara iristeko.
Aipatu 2010eko azaroaren 4ko Ebazpenaren arabera, telelaguntza zerbitzua BAPen jasotako gainontzeko prestazioen zerbitzu osagarria izango da, laguntza osagarriak dituen telelaguntza aurreratuko zerbitzuen kasuan izan ezik, zeinen edukia Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen Batzorde Delegatuak erabakiko baitu.
Gizarte Zerbitzuen 12/2008 Legearen arabera Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza bihurtu da.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak jakinarazi digu 2011ko ekitaldian egingo duela bere telelaguntza zerbitzuaren kudeaketa; horrela, honakoa adierazi digu "EAEko lurraldeetan ematen diren sistemen azterketak agerian utzi du, telelaguntza sistemari dagokionez, prestazio mailan, sartzeko betekizunetan edo prezio publikoetan desberdintasun handiak daudela; hori dela-eta, beharrezkotzat jo da azterketa xehea egitea 2011n Eusko Jaurlaritzaren titulartasunetik EAE osorako zerbitzu homogeneoa hartzeko".
c) Etxez etxeko laguntza zerbitzua (ELZ)
ELZ mendetasuneko egoeran dagoen pertsonaren bizilekuan burututako jarduketa multzoak osatzen du. Haren xedea eguneroko bizitzako premiei (norberaren zaintzak eta etxeko lanak, hala nola garbiketa, arropa garbiketa, otorduak, etab.) erantzutea eta haren autonomia handitzea da, bere bizilekuan ahalik eta denbora gehien geratu ahal izatea ahalbidetzeko.
Zerbitzu horren intentsitatea zehazteko unitatea arreta ordua da. BAPen hileko ordu kopurua ezarri beharko da eta, gutxienez, 727/2007 Errege Dekretuak (III eta II. graduetarako) eta 2010eko azaroaren 4ko Ebazpenak (I. gradurako) gradu eta mailaren arabera xedatzen dituzten tarteen araberakoa izango da.
|
|
HILEKO ARRETA ORDUAK |
III. GRADUA MENDETASUN HANDIA |
2. maila |
70 eta 90 artean |
1. maila |
55 eta 70 artean |
|
II. GRADUA MENDETASUN LATZA |
2. maila |
40 eta 55 artean |
1. maila |
30 eta 40 artean |
|
I. GRADUA MENDETASUN ARINA |
2. maila |
21 eta 30 artean |
1. maila |
12 eta 20 artean |
Askotan[39] erakunde honek agerian utzi du zerbitzuak lurralde historiko bakoitzean eta are udal bakoitzean izan duen garapen desberdintasuna.
Horrela, Araban Gizarte Ongizatearen Foru Erakundeak lurralde historiko osoko mendeko pertsona guztiei ematen die arreta. Mendetasuneko egoeran jo ez diren pertsonei ere Erakundeak eman die arreta, Gasteizen bizi direnei izan ezik, haien ardura udalarena baita. Gipuzkoan, ELZ udalek kudeatzen dute, kudeaketa mandatu baten bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskal Udalen Elkartearen (EUDEL) arteko 2005eko azaroaren 3ko esparru-akordioaren testuinguruan. Esparru-akordioak etxeko laguntza zerbitzua emateko baldintzak eta Aldundiak udal bakoitzean urtero (gehienez) finantzatu behar dituen orduen banaketa ezartzen ditu. Akordio horren esparruan, udal bakoitzak bere udalerrian zerbitzua arautzeko bere ordenantza onartu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du zerbitzua esleitzen, ondoren, adostutako mugen barruan, finantzatzeko erantzukizuna bere egin baizik. Indarrean dagoen ELZren araudiak gehienez eguneko 3 ordu arreta ezartzen ditu, jaiegunak barne, eta, beraz, gehienezko intentsitatea hileko 90 ordukoa da. Bizkaian, aldiz, ez dago lurraldean irizpideen batasuna bermatzen duen esparru-akordiorik. Udal edo partzuergo bakoitzak bere arautegia garatu du, bere irizpideen arabera.
Erakunde honek adierazi duenez, lortu behar liratekeen arreta mailei, finantzaketari, prezio publikoei, kudeaketa ereduari[40]... buruzko irizpideak batu ahal izateko araudia izatea komeni da. Hori dena, zerbitzurako sarbidean, estalduran eta kalitate mailan berdintasuna bermatzeko xedez.
d) Eguneko egoitza eta gaueko egoitza zerbitzua
Eguneko edo gaueko egoitza zerbitzua etxeko arretaren eta egoitza-zentroan ematen denaren erdibidean dago. Egunez edo gauez arreta osoa ematen die[41] mendetasuneko egoeran dauden pertsonei, honako helburuak betetzeko:
– Independentzia funtzional eta norberaren autonomia maila ahalik eta handiena berreskuratu eta lortzea.
– Osasuna hobetzea edo mantentzea eta gaixotasunak agertzea edo larritzea prebenitzea.
– Gaitasun kognitiboak, funtzionalak eta sozialak sendotzea eta errehabilitatzea, hondatzea geldiarazteko.
– Egoitza-zentroetan sartu beharra atzeratzea.
Familiei eta zaintzaileei laguntzeko neurria ere bada, zaintzeko ezagutzei eta trebetasunei buruzko orientabidea, aholkularitza eta prestakuntza eta atseden hartzeko tarteak ematen dizkielako.
Azken batean, zerbitzuak, ikuspegi biopsikosozialetik, autonomia sustatzeko aholkularitza, prebentzio, errehabilitazio eta orientabide premiak eta gaikuntza edo laguntza edo arreta pertsonaleko premiak betetzen ditu. Beraz, erregimen anbulatorioko arreta oso eta espezializatua da[42].
AMALek honako tipologia aurreikusten du:
– 65 urtez azpikoentzako eguneko egoitzak (batez ere minusbaliotasuna duten pertsonentzat).
– Adinekoentzako eguneko egoitzak.
– Arreta ematen dituzten zaintzen espezifikotasunaren arabera espezializatuko eguneko egoitzak.
– Gaueko egoitzak.
ELZren kasuan bezala, 727/2007 Errege Dekretuak II eta III. graduetako mendetasuneko egoeran jotako pertsonentzat mugatzen zuen zentro horietarako sarbidea, batez ere, AMAL ezartzeko egutegiaren arabera, I. graduko 2. maila eta I. graduko 1. maila ez liratekeelako gauzatuko 2011ko urtarrilaren 1 eta 2013ko urtarrilaren 1 arte, hurrenez hurren. 2010eko azaroaren 4ko ebazpenak banakako arretako asteko honako orduetan zehaztu du eguneko egoitza zerbitzuaren intentsitatea:
|
|
BANAKAKO GUTXIENEKO ARRETAKO ASTEKO ORDUAK |
I. GRADUA MENDETASUN ARINA |
2. maila |
25 |
1. maila |
15 |
Eusko Jaurlaritzak, urriaren 17ko 202/2000 Dekretuaren bidez, EAEko esparruan mendeko adinekoentzako eguneko egoitzak arautu zituen. Ez dago antzeko autonomia araudirik minusbaliotasuna duten pertsonei arreta emateko eguneko egoitzetarako.
e) Egoitza-arreta zerbitzua
Egoitza-arreta zerbitzuak arreta oso eta etengabea ematen du, pertsonal, sozial eta osasunekoa, eta sare publiko edo itundutako egoitza-zentroetan ematen da, mendetasun mota, haren gradua eta pertsonak behar dituen zaintzen intentsitatea aintzat hartuta.
Iraunkorra izan daiteke, egoitza-zentroa pertsonaren ohiko bizilekua bihurtzen denean, edo aldi baterakoa, arreta epea denboran mugatuta dagoenean. Aldi baterako egonaldia onuradunaren gaixondoko edo haren zaintzailearen atseden edo gaixotasun egoeretarako da.
Aipatu Errege Dekretuak xedatzen duenez, egoitza-arreta zerbitzuaren intentsitatea "mendetasuna duen pertsonak, bere BAPen arabera, behar dituen zentroaren zerbitzuen araberakoa izango da". Zerbitzua ez dago aurreikusita mendetasuneko I. graduan jotako pertsonentzat. Hala ere, aipatu dugun 2010eko azaroaren 4ko Ebazpenean aurreikusten denez, 2013ko abenduaren 31 arte, 2010eko urriaren 28an egoitza-arreta zerbitzua jasotzen egon ziren pertsonei prestazio hura eskaini ahalko zaie Banakako Arreta Programa ezartzeko kontsulta prozesuko esku-hartze modalitaterik egokiena bezala.
Prestazioa onartu balitz, egoitza-arreta zerbitzuak mendetasun arineko egoeran dauden pertsonentzako premiei egokituko ditu esku-hartze zerbitzuak eta programak.
AMALek, 15 artikuluan xedatutako zerbitzuen katalogoan, honako tipologia ezarri du egoitza-arreta zerbitzurako:
– Mendetasuneko egoeran dauden adineko pertsonen egoitza.
– Mendetasuneko egoeran dauden pertsonentzako arreta zentroa, minusbaliotasun moten arabera.
Euskal Herriko Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak adinekoentzako, minusbaliotasuna duten pertsonentzako eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitza-zentroen artean bereizten du. Eusko Jaurlaritzak, martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren bidez, hirugarren adinarentzako egoitzako gizarte zerbitzuak arautu zituen.
Gaur egun arau horrek ezarritako baldintzak gaindituta daude; beraz, eguneratu behar dira, eta horretarako Eusko Jaurlaritzak egoitza-zentroen betekizun material eta funtzionalei buruzko beste dekretu bat onartu behar du.
Eguneko egoitzekin gertatu legez, ez dago antzeko arauketa autonomikorik minusbaliotasuna duten pertsonei arreta emateko egoitza-zentroetarako.
f) Bestelako zerbitzuak
AMALek ezarritako katalogoan aurreikusita dauden eta kasu gehienetan EAEn ibilbide luzea duten azaldutako zerbitzuez gain, gure erkidegoan zaintzaileei laguntzeko beste zerbitzu batzuk nabarmentzen dira. Horrela, "ZAINDUZ" programak Bizkaian, "SENDIAN" izenekoak Gipuzkoan, edo "ZAINTZEKO ZEURE ZAINDU" delakoak Araban, helburu nagusi bat dute: mendetasuneko egoeran dauden pertsonak euren etxean geratzea eta haien bizi kalitatea hobetzea, senide eta zaintzaile nagusiei aholkularitza eta esku-hartzea emanez (laguntza psikologikoa, autolaguntza taldeak, zaintzei buruzko prestakuntza, etab.).
EAEn mendetasuneko egoeran dauden pertsonentzako zerbitzu eskaintza beste ekimen batzuek osatzen dute: gizarte esku-hartzeko etika batzordeak[43], minusbaliotasuna duten pertsonentzako eta haien senideentzako moldatutako oporrak, bono-taxi zerbitzua, ikasleei adineko pertsonekin ostatua emateko zerbitzua, bizitza independenteari laguntzeko programa, aisia eta astialdiko programak, arnasa edo zaintza zerbitzuak pertsona heldu ezgaituentzat. Zerbitzu horien ezarpen maila lurralde historiko batetik bestera aldatzen da.
[37] Otsailaren 11ko 175/2011 Errege Dekretuak I. graduko mendetasuneko egoeran –mendetasun arina– dauden pertsonei onar dakizkiekeen zerbitzuen babes intentsitateei, prestazio ekonomikoen zenbatekoari eta familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa eskuratzeko baldintzei buruzko irizpideak sartzen ditu. Errege Dekretu hori txosten hau itxi ondoren argitaratu da. Errege Dekretu hori I. graduaz hitz egoterakoan beti aipatzen dugun AMASen Lurralde Batzordeak hartutako erabakiaren arabera onartu da.
[38] Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak emandako informazioaren arabera, Gizarte Zerbitzuen Sisteman parte hartzen duten erakunde eta gizarte eragileekin adostutako fitxa eredu bat prestatu da. Bertan 12/2008 Legeak 22. artikuluan azaltzen dituen zerbitzu katalogoan adierazitako zerbitzu eta prestazio bakoitzaren elementu azpimarragarrienak jasotzen dira; besteak beste, zerbitzu eta prestazio horiek eskuratzeko betekizunak eta bakoitzaren definizioa. Zerbitzuen fitxak zerikusia duten erakundeen eta gizarte ekimenaren parte hartzearekin egin ondoren, dekretu hura idatziko da. Jakinarazi digutenez, sartzeko prozedurari buruzko alderdiak, zerbitzurako eskubidea eteteko edo bukatzeko zioak eta prozedura eta zerbitzuen arteko bateragarritasuneko araubidea zerbitzu guztietarako xedapen komunak izango dira.
[39] ARARTEKOA; Pertsona nagusiei emandako EAEn: etxeko laguntza, eguneko zentroak eta egoitza-zentroak: Gasteiz, ARARTEKOA, 2004.
40] Gai honi buruz, Ararteko erakundeak 2002ko Urteko Txostenean ohartarazi zuen zer arazo dakarren zerbitzua zuzeneko diru-laguntzen bidez (onuradunari kontratazioa kudeatzeko banakako laguntza ekonomikoa emanez) emateak.
41] Gaueko egoitza AMALen aurreikusi arren, EAEn esperientzia bi baino ez ziren bultzatu, Araban eta Gipuzkoan, eta ez dira finkatu: lehenengoa Gasteizen, Eulenek kudeatzen duen foruaren zentro batean, eta bigarrena Donostian, Julian Rezola de Matia Fundazioaren Gerontologia Zentroan. Santurtzin (Bizkaia), Begoñako Andra Maria Egoitzan, gaueko egonaldiak dauzkan atseden zentro bat ere egon da.
42] SEMPERE NAVARRO, Antonio V. et al. Comentario sistemático de la Ley de la dependencia: Ley 39/2006, de 14 de diciembre, de promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia y normas autonómicas. Zizur Txiki: Aranzadi, 2008. Aranzadi bilduma monografikoak. Lan-zuzenbidea.
43] Bizkaia: abenduaren 26ko 232/2006 Dekretua; Gipuzkoa: ekainaren 12ko 46/2007 Dekretua; Araba: martxoaren 1eko 14/2011 Foru Dekretua.